XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BORTÛZALE

Goiz hontan, lo arin batetarik landa,
Ailande jaiki da argitû beno lehen.
Egûna igaran nahi dû bortûak gainti.
So bat arrunt kanpo.
Lanapeak bazterrak hartûrik dûtû.

Barda ekitzalgia gorri zen. Berartan dio:
- Horik xahatûko dûtûk;
gorago zohardi izan behar dik,
sarri orotan berotûko dik.

Anutako hartzen dû bi otarteko:
- Ez ditiak janen, bena zer hel ere.
Uste dû hon dela, korpitz osagarriarentako,
noizetik noizeala xûhûrkiago jatea.
Hau arren aldi haûtûa,
Egûnoroztako akodiñak ûtzirik, ehiñerago delakoz.
Hala beita arenkûrek
jatera eta jatera bultzatzen dûela,
batere beharrûnerik gabe.

Haatik, sakola zolan,
sûkre tarrok zonbait, bospesei, goititzen dû.
Ekiak gogorki joko dûanean,
eineren nabaritzen hasiko denean,
horietarik bat, arteka,
busti eta hurean,
hurtzera ûtziko dû ahoan.
Sûkreak emaiten dû igeitarzûna zankoer,
bûhûrtzeko indar zain oroer.

Makila bere zokotik elkitzen dû;
franko hon date hirugerren zanko bezala.
Bi banba eginarazten deio sûkalteko zoladûran.
Zur kente honekoa da,
elorri xuritik berezia.
Aspalditik begistatzen zûan zerrailûan.
Besteen erdian xûxen eta txût zagon.
- Sûdûr hona ûken nûan, bildû nûanean.

Bere kolore gorraila eman zeion,
behar zen bezain bat
gorotz barnean ehortzirik ûztez.
Lûzentarzûn osoan, adar hanpûlotsez beterik da.
Zolako mûtûrrak
egiten deio bûrû bat bezala.
Gainekotik, eskûak,
bi adarxkoren artean doi gahatzen dû.
Hots, makila ejerra eta haûtûa, baldegabekoa.